Juan Gorostidi Berrondo
juangorostidi@taichichuaneskola.com
Donostiako bazter batean jaio nintzen (Altza-Pasai Antxo) 1956an. Nekazaritzatik fabriketara iragandako familia batean laugarren semea. Eskola publikotan hasi eta Don Boscon jarraitu, hamaika urteekin salestarren barnetegi batera joateko, etxetik urrutiegi. Haurtzaro hertsi haren ondoren, uko egin nion unibertsitateari, fabrika bilakatzeko ikas-gune, eta gatazketan graduatu nintzen urte haiek eskatzen zuten eran (1974-1982).
Nire aurrekoek ez bezala, gerratik salbu suertatu nintzen, baina ez odolez eta itzuli ezinezko bidaiez hornituriko hautuez. Nire aldetik, auto-erbeste bat bizi izan nuen hura guztiaren ondoren eta, Ekialdera erreparatuz, bertan ezagutu nuen Tai Txia, eta honek berarekin zekartzan hainbat beste osagarri: “arte martzialak”, qi gong/txi kung eta Txinako sendabideak, budismoa… Ez ginen kalkulutan sartzen, eta gutxi genekien orduan adorez irensten genuena, ondoren modako eta apaingarri bihurtuko zirenik.
Iruñean klaseak ematen hasi ondoren, Donostiara itzuli nintzen 1989an, eta 1991erako zabaldu genuen Tai Chi Chuan eskola. Ordutik hona, bizitzaren paraje guztiak izan ditut, nola edo hala, zeregin horrek zeharkatuak. Taitxiaren ariketa (ikasketa eta irakaskuntza etengabea), liluramendutik bere ahal guztiaren bilakaeraraino: transmisioaren gorabeherak, beste testuinguru batean sortutako ariketa baten gure gizartean txertatzea… Finean, heldutasunerako bidean ikasi beharreko guztia. Mende laurdena igaro ondoren, gazte denboran indar berriz zetorrena, gurekin ez den akabatuko zalantza sortua da dagoeneko, Txina zaharrean joan den mendean gertatu bezala.
Maisu eta irakasle zenbaitekin ibilia naiz baina, guztien artean, Tew Bunnag izan da erabakigarriena, eta baita José Luis Paniagua ere, 80ko hamarkadan zehar. Ikasketa eta praktika pertsonala ez dut halere sekula eten, ez maila teknikoetan (martzialtasuna, txi kunga…) ezta dena zalantzan ipini behar etengabean ere (hori litzateke meditazioaren ahalegin nagusia, ene irudiko). Zortea izan dut nire neurriko irakasleak aurkitzean: Jon Yusta hasieran eta Fernando Lasa, egun. Beraiei ezker ariketa beti berrituan barneratzeko aukera izan dut.
Irakasleen trebakuntzan ere aritua naiz, 1999 eta 2008 bitartean, Euskal Herrian, Madrilen eta Alacanten. Baita beste jardunetan ari diren taldeen beharretara ere Abesbatzen Espainiako Federakuntzan edo Siatsuzaleen elkartean, besteak beste.
90ko hamarkadan hasi nintzen nire gogoetak idazten, eta 2008an argitaratu Levantar la mirada liburua (honi buruz Euskadi Irratian egin zidaten elkarrizketa). Ondoren, nahiago izan dut euskaraz jardutea, gaiaz aldatuta bada ere (Lau kantari; Badok.info bloga), gure errotak mugitzen dituen ur nahasiak ahantzi gabe (Sasi Shaolina eta hutsaren diskurtsoa).
Kontaktua: 687 415 868 juangorostidi@taichichuaneskola.com